XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

2. LURRA ESPAZIOAN BIRAKA DABILEN ESPAZIALUNTZIA DA.

Ez gaitezen gehiegi urrun.

Zuzen dezagun gure espazialuntzia berriro Lurrerantz.

Hurbiltzen goazen bitartean, adi-adi begiratuko diogu. Espaziotik begiratuta, Lurra biribila dela konturatzen gara, ESFERA bat dela, alegia.

Eta gainera mugitu egiten da, jirabiraka dabil etengabe.

Baina Lurra bi eratara mugitzen da: - ERROTAZIO mugimendua: Lurra bere ardatzaren inguruan jirabiraka dabil etengabe, erloju orratzen kontrako aldera mugituz.

- TRANSLAZIO mugimendua: Lurra Eguzkiaren inguruan ere biraka ari da.

Lurrak Eguzkiari birak ematerakoan egiten duen bideari orbita deitzen zaio.

ERROTAZIO mugimendua: Lurra ziba bezala mugitzen da.

Bere poloetatik pasatzen den ardatz irudikari bati birak ematen dizkio etengabe, Mendebaldetik Ekialderantz mugitzen delarik.

Eta bira osoa emateko 24 ordu behar izaten ditu.

Mugimendu honen ondorioz gaua eta eguna, elkarri jarraitzen zaio etengabe.

Begira arretaz marrazkiari eta ederki ulertuko duzu zergatik izaten diren egunak eta gauak.

Lurra biraka ari denean, alde batek Eguzkitiko argia hartzen duen bitartean, beste aldea ilunpean gelditzen da.

Horregatik izaten dira Lurreko alde guztietan gauak eta egunak.

Eta lehen esan dugun bezala Lurra Mendebaldetik Ekialderantz ari da biraka; horra zergatik ateratzen den Eguzkia Ekialdetik eta ezkutatzen Mendebaldetik.

Hori ongi ulertzeko saiakuntza erraz bat egingo duzu: jarri bonbila piztu baten aurrean pilota bat eta bira arazi poliki-poliki Mendebaldetik Ekialderantz. Atera zure ondorioak.